Saninazioetako balorazioa ere "ona" da

duela 14 urte
Saninazioetako balorazioa ere "ona" da
"Jende asko ibili da Sanagustinen, mota ezberdinekoa eta egun guztian zehar; jendeak kulturgunea zaindu du eta aretoa babesteko hartutako neurriek emaitza onak eman dituzte; festetako ekitaldiak oso harrera ona eduki du...", kulturguneko arduradunek diotenez. "Eskerrik asko guztiei". Kulturgunea irekita izango da abuztu osoan.

Uztailaren 22an ireki zen Sanagustin kulturgunea osatua, eta hasiera gogorra zeukan, santioak eta saninazioak bertan zeudelako. Erronka handia zen alde guztietatik baina, santioetan bezala, saninazioetan ere guztia ondo joan dela dio Sanagustineko kooperatibak. "Hasiera honen balorazioa ona da".

- "Saninazioetan ere jende asko ibili da Sanagustinen, mota ezberdinekoa eta egun guztian zehar. Jendeak hasieratik oso ondo hartu du Sanagustin osatua, eta hori garrantzitsua da". 

- "Jendeak kulturgunea zaindu du. Ez da kalterik izan. Geuk Sanagustineko pantaila informatibo batean dei egin dugu kulturgunea zaintzeko".

- "Horretaz gain, neurriak hartu ditugu kulturgunea babesteko. Batetik, festetan uneoro egurrezko lur zatia estalita izan dugu gomazko estalki batekin. Bestetik, inor oholtzara igo ez zedin horma jartzen genuen iluntze partean; hurrengo goizean kentzen genuen, kulturguneak bere itxura izan zezan —dena dela, egunean zehar ere neurriak hartu genituen oholtzara ez igotzeko inor—. Bi neurriok emaitza onak eman dituzte".

- "Santioetako bi ekitaldiek bezala, saninazioetako ekitaldiak ere harrera ona eduki du, jende asko izan baitzen Festa Herrikoien Aldeko Batzordeak antolatutako I. Mus Txapelketan, abuztuaren 1ean. 61 bikotek hartu zuten parte, antolatzaileen aurreikuspenak gaindituz. Dena ondo atera zen".

- "Guztiei eskerrak eman beharrean gaude, Sanagustinera azaltzeagatik, kulturgunea zaintzeagatik, festetako ekitaldian parte hartzeagatik...".

Kulturgunea irekita abuztuan

Abuztuan Sanagustin kulturgunea irekita egongo da, eta hirugarren astetik aurrera kultur ekitaldi txikiak izango dira. Egitaraua lotzen ari dira orain.

Horretaz gain, herritarrentzako bestelako eskaintza zabaltzen joango da Sanagustinen.

Azpeitiko Kultur Mahaiak kudeatzen du kulturgunea, udal lehiaketa irabazi ondoren.

Erantzuna gehitu